2009-05-12
Athleticen partidua jarraitzeko pantaila erraldoi bi
Txomin Aresti ikastetxean eta San Bartolomeko plazan izango dira
Bizkaiko herri guztien antzera Leioak ere Athletic-ekin egon nahi du bihar izango den partidu garrantzitsuan. Mestallan Bartzelonaren kontra jokatuko duen Kopako partidu garrantzitsu hau jarraitzeko pantaila erraldoi bi jarriko dira Leioako puntu desberdin bitan.
Alde batetik, Leioako Merkatarien Elkarteak antolatuta eta Udalak babestuta Txomin Aresti ikastetxeko jolastokian jarriko da lehen pantaila. Ezaugarriak 20.000 DLP x opt eta neurriak 6 x 4,5koak dira. Modu horretan zaleek partidu garrantzitsu honen xehetasun guztiak jarratu ahal izango dituzte. Honetaz gain, gune honetan txosna bat jarriko da eta musika ere ez da faltako. Giroa 19.00etan hasiko da partidua amaitu arte.
Bestalde, San Bartolomeko auzokideen elkarteak ‘Auzotarrok’ beste pantaila erraldoi bat jarriko dute (antzeko ezaugarriekin) auzoko plazan partiduaz gozatzeko, honetaz gain txistorrada ere izango da gune berean. Ekintza hauek arratsaldeko 20.00etatik gaueko 1.00etara arte iraungo dute.