2009-10-22
Leioako Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu dute
Leioako Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu izan dute joan den iraila honetan. Honela, eta ezin modu hoberenean, ospatu izan dute erakunde biek Euskaltzaindiaren 90. urteurreuna, euskeraren ikerketa eta jagontza helburutzat duen elkartea 1919-ko irailan jaio baitzen.
Leioako Udalak eta Euskaltzaindiak aurrera eramango duten lankidetza honen lehenengo ekintza toponimiari buruzko lan bat gauzatzea izango da. Izatez, udalak orain dela denbora bat Leioako toponimia berreskuratu eta normalizatzeko asmoz, beka bat antolatu zuen eta gaur egun beka horren ondorioz egindako lana hurrengo pausu baten zain zegoen.
Hitzarmenari esker toponimiari buruzko lana borobildu ahal izango da. Besteak beste, udalaren gogoa Leioako toponimia mailan egindako azterketa eta bere emaitzak formato desberdinetan plazaretzea da. Hortaz, lehenengo pausu bat liburuxka bat argitaratzea liteke eta honen ondoren baliteke liburu osoago edota CD baten biltzea lortutako izen eta datu guztiak. Udalak Euskaltzaindiarekin sinatu duen hitzarmen hau, Euskal Herrian erreferente diren erakundeekin izan nahi dituen hartuemonak finkatzeko urte hauetan jorratu izan duen bidetik dator. Logika honekin hitzarmenak sinatu izan dira, besteak beste, Eusko Ikaskuntzarekin eta baita Sociedad de Ciencias Aranzadirekin ere.