2019-11-26
Leioako Udalak euskararekin duen konpromisoa berresten du
Euskararen sustapenaren garrantziaz oharturik, Leioako Udalak Euskararen Eguna ospatu nahi du aurten publiko desberdinei zuzendutako ekintza desberdinekin. Egun hau aprobetxatuz Euskaraldiaren edizio berri baten aurkezpena egingo da Leioan.
Izatez, abenduaren 3an izango da Euskararen Nazioarteko Eguna, baina abenduaren 1etik 8ra ospatzen ibiliko gara Leioan. Lehen egunean, 12:00etan taberna ibiltaria egingo da Elexalde kalean, arratsalde, ordea, umeentzako ikuskizun polita egongo da Kultur Leioako Auditoriumean, ‘Musikarium’.
Musikarium ikuskizuna haurrei zuzendutako antzerkia-musika-kontzertu didaktikoa da. Haurrek modu didaktiko eta pedagogiko baten bidez eta musikaren munduan murgilduz, hainbat musika eta musika tresna ezagutuko dituzte eta Euskal Herrikoekin konparatuko dira, hauen desberdintasun eta antzekotasunak azalduz.
Abenduaren 2an, gazteen txanda. Rap tailerra antolatu da Aterpe Gaztegunean La Basu izeneko rapera ezagunarekin.
Pasa den urtean bezala aurten ere Euskararen Egunean, abenduak 3, Revolta Permanent eskainiko diegu Leioako ikastetxeetako DBH 4-ko ikasleei, proposamen sortzaile batekin, ikastetxeek kontzertua izan baino lehen bertso batzuk pasako dizkiete taldekideei eurek letra hori rapea dezaten.
Revolta Permanent rapa eta musika elektronikoa nahasten dituen taldea da, eta gazteak dantzan jartzen dituena. Hiru disko dauzka merkatuan: Genesis, Kimera eta Ultravioleta. Kultur Leioako auditoriumean, 10:00etan.
Abenduaren 7 eta 8an, berriz, umeentzako zinea izango da Kultur Leioan, arratsaldeko 17:30ean, ‘Manou’ filmarekin.
Euskaldia 2020 prestatzen
Aurten ere, Euskararen Nazioarteko Egunean Euskaraldia izango dugu gogoan. 18:00etan Sabino Aranan burutuko den ekintzan, Euskaraldia 2020 girotzen hasiko gara. Horretarako parte hartu nahi dutenei, dinamika bat proposatuko diegu, galdera bi erantzutea:
Aurreko urteko euskaraldian norekin lortu zenuen euskara gehiago erabiltzea?
Datorren urteko euskaraldian norekin nahi zenuke euskara gehiago erabili?
Erantzunak bertan jarriko ditugu ikusgai. Parte hartu nahi baduzu, bi eratara egin ahal duzu:
Joan zaitez abenduaren 3an 18:00etan Sabino Arana kalean egingo den ekitaldira eta idatzi zure ekarpena edo bidali zure erantzunak euskaraldialeioan@gmail.com helbidera eta bertaratzen diren erantzunekin batera jarriko dira ikusgai.