Leioa
Bilaketak
Asteazkena, 2024ko Azaroaren 27a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2021-08-02 Leioak ere Saharako haurrak gogoratu ditu
Vacaciones en paz / Oporrak bakean

Aurten ere ez da Oporrak Bakean izan Euskadin. Fronte Polisarioak, Estatu osoko elkarte eta erakundeen laguntzarekin, plan alternatibo bat gauzatu du kanpalekuetan bertan. Euskal familiek tamalez, ezin izan dituzte haurrak besarkatu, ohi baino egoera gogorragoan dauden honetan. Horregatik, eragile inplikatuek "mezuak hodeietan" kanpaina abiarazi dute, Euskaditik babes eta berotasun guztia helarazteko.

Fronte Politikoak Euskadin duen ordezkaritzak eta Oporrak Bakean programaren lantaldeko ordezkariek Eusko Legebiltzarrean azaldu dutenez, pandemia egoerak programa bigarren urtez jarraian aurrera eramatea eragotzi du.

35 urte baino gehiago dira Euskadiko familiek, erakundeek eta elkarteek proiektu honetan parte hartzen dutela. Proiektu horren bidez, Saharako adingabeen bizi-baldintzak hobetu nahi dira, eta uda basamortuko eta errefuxiatuen eremuetako baldintza gogorretatik urrun igarotzeko aukera eskaintzen zaie. Epe horretan, elikadura orekatua jasotzeko, mediku-bisitak egiteko, beste hizkuntza bat ikasteko, lagun berriak egiteko, jarduera ugari egiteko eta, azken batean, ezagutzen dutena ez den beste errealitate bat esperimentatzeko aukera dute.

Fronte Polisarioak sustatutako proiektu alternatiboak, hainbat elkarte eta erakunderen laguntzarekin, 2022an ohiko programari berrekiteko zubi lana egitea du helburu. Horretarako, haurrei kultur, kirol eta aisia jarduerak eskaintzeaz gain; gurasoei zuzendutako atal bat ere garatu da, programa arruntaren benetako balioen eta helburuen inguruan lan egiteko. Aurten, beraz, ez da mediku-azterketarik egingo, ezingo dituzte 55º-rainoko tenperaturak saihestu, eta ezin izango dira Euskal Herriaren eta sahararraren arteko harremanak estutu eta zabaldu.

2022ko udarako, osasun-egoerak aukera ematen badu, 300 harrera-familia beharko dira 8 eta 12 urte bitarteko haurrak hartzeko, ekainaren amaieratik abuztuaren amaierara bitartean. Horregatik, arduradunek interesa duten pertsona guztiak animatu nahi dituzte inguruko saharar herriaren aldeko elkarteetako batera hurbiltzera, www.oporrakbakean.eus webgunera sartzera edo oporrakbakean@gmail.com helbidera idaztera, beharrezko informazio guztia jasotzeko.

Bestalde, Euskal Herri mailan "Oporrak Bakean, bidaia bat baino gehiago. Uda honetan ezin baduzue etorri, gu joango gara!", joan den udan abian jarri zen ekimena, euskal familiekin egonaldia egin behar zuten haurrei maletak eta oinarrizko materiala eramateko. Mugak itxita zeudenez, material hori guztia ez zen eraman, hori dela eta, egitasmoa borobildu eta aurtengo azaroan kanpamenduetara eramango da dohaintzan emandako eta bigarren eskuko ibilgailuetan.

Kanpamentuek egoera zaila bizi dute. Covid 19-ak gogor jo ditu errefuxiatuak ere, eta ohi baino behar gehiago dituzte, besteak beste, mugak itxi direlako, eta horrek elkartasunezko karabanak iristea eragotzi duelako. Horri guztiari gehitu behar zaio 2020ko azaroaren 13an su-etena bertan behera geratu zela, eta, beraz, soldadu sahararrak gerran daudela, kanpalekuetako bizitza are gehiago zailduz.

Oporrak Bakean programan parte hartzen duten pertsona guztiek, harrera-familiek, begiraleek, osasun-langileek eta haurrak hartzen dituzten udalek, oso gogoan dituzte. Horregatik, uda garaia aukeratu da Mezuak hodeietan kanpaina abian jartzeko, Saharako herria hodeien semea-alaba dela dioen kondairan inspiratuta eta zeruan mugarik ez dagoenaren ideian oinarrituta.

Horren bidez, batetik, haur euskaldunen eta sahararren arteko harremanari eutsi nahi zaio, bai eta harrera-familien eta familia biologikoen arteko harremanari ere, mezu-trukea sustatuz. Bestetik, Saharako herriaren egoera ezagutzera eman nahi da kanpainarako prestatu den bideoaren bidez.

Udan, batez ere aisialdiko taldeak eta harrera-familiak inplikatu nahi dira. Eta ikasturtearen hasieran ikastetxeak. Mezu guzti-guztiak saharar errefuxiatuen kanpalekuetara eramango dira fisikoki azaroan, baina teknologiak baliatuko dira, lehenago helarazteko. Mezuak bidaltzen parte hartzeko jarraibideak Oporrak Bakean webgunean eta sare sozialetan daude.

Azkenik, egitasmoaren ordezkariek herritar guztiak animatu dituzte, beti egin duten bezala, saharar herriari elkartasuna adieraztera.

Informazio gehiago:

Oporrak bakean

Erlazionatutako dokumentuak:

Informazioa (pdf, 1073 kb)

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa