2023-04-21
Kultura eta kirol dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik
Leioako Udalak zabalik ditu Leioako kultur eta kirol elkarteentzako dirulaguntzen deialdiak. Kirol arloko dirulaguntzak eskatzeko epea apirilaren 29an amaituko da, eta kultur arlokoek, berriz, astelehenean hasi dute eskaera egiteko epea, eta hilabete egongo dira zabalik. Elkarteek Udaletxean egoitza elektronikoaren bidez aurkez ditzakete eskabideak.
Dirulaguntza kulturalei dagokienez (28.000 euroko partida dago), 2023an zehar egiten diren proiektuek jaso ahal izango dute. Horri, guztira, 45.701,92 euro gehitu behar zaizkio dirulaguntza izendunetan.
Auzoetako batzordeek 15.000 euroko partida dute auzoan jai-egunetatik kanpo jarduerak egiteko. Dirulaguntza hori batzorde bakoitzari esleitutako partida izendunei gehitu behar zaie; guztira, 57.000 euro banatu behar dira auzoetako zazpi batzordeen artean. Gainera, jaietan euskarazko musikaren presentzia sustatzeko asmoz, batzordeek 50.000 euroko partida bat eskuratu ahal izango dute talde euskaldunen jaietarako emanaldiak kontratatzeko.
Kirol-elkarteek, bestalde, hiru partida orokor dituzte kirol egokitua (6.000 euro), banakako kirola (6.000 euro) eta kirol-taldeei dirulaguntza emateko, kirol-jarduera arruntak sustatzeko (98.000 euro), eskolaz kanpoko jarduerak edo ikastetxeek antolatutakoak alde batera utzita. Honetaz gain, kirol arloak 287.696,4 euro bideratzen ditu dirulaguntza izendunetarako.
Partekatu:
Itzuli