Leioa
Bilaketak
Igandea, 2024ko Azaroaren 24a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2024-11-21 Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak zabaldutako informazioa
/

Aztertutako ur lagin guztiek negatibo eman dute escherichia, coli, enterococcus, clostridium eta bakterio koliformeen testetan.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa abonatuen telefono mugikorretara bidalitako SMS bidezko abisu-sistema bat probatzen ari da.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eskerrak eman nahi dizkie eragindako udalerriei gure abisuak herritarrei zabaltzeko emandako laguntzagatik.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 100 neurketa baino gehiago egin zituen in situ azaroaren 16an, 17an eta 18an Barrika, Bilbo, Derio, Erandio, Getxo, Leioa, Lezama, Loiu, Mungia, Sondika, Urduliz eta Zamudion, uraren uhertasuna eta kloro maila egokiak zirela egiaztatzeko. Gainera, zenbait depositutako neurgailuek etengabe eskaintzen dituzten neurketak online jarraitzeko aukera izan da. Bada, neurketa guztietan kontsumorako urak behar bezala desinfektatu direla adierazten duten kloro aske mailak detektatu dira.

Horrez gain, aipatu hiru egunetan zehar 14 lagin hartu ziren Erandio, Zamudio, Leioa, Loiu, Mungia eta Barrikako laginketa-puntuetan, guztira 135 parametro neurtuz. Hiru egunotan hartutako laginetan aztertutako parametroak hauek izan dira: kloroa, uhertasuna, tenperatura, kolonien zenbaketa 22 ºC-tan, bakterio koliformeak, Escherichia coli-a, hesteetako Enterococcus-ak eta Clostridium-ak (esporak barne).

Azaroaren 18ko laginetan parametro fisiko-kimikoak ere aztertu ziren: pH-a, eroankortasuna, uhertasuna, aluminioa, kolorea, amonioa eta nitratoak. Bada, kasu guzti-guztietan, emaitzek Kontsumorako uraren kalitatearen, kontrolaren eta horniduraren irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituen urtarrilaren 10eko 3/2023 Errege Dekretuaren eskakizunak bete dituzte. Parametro mikrobiologikoei dagokienez, kasu bakar batean ez da detektatu ez bakterio koliformerik, ez Escherichia coli-rik, ez Enterococcus-rik, ez Clostridium-ik.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Sailak laginketa gehigarriak egin ditu intzidentziaren jarraipena egiteko. Uneotan ere laginketak egiten jarraitzen du.

AURREKARIAK
Larunbat eguerdian hodi bat apurtu zen Eskuinaldeko eta Uribe Kostako udalerrien hornidura-bide nagusietako batean. Une horretan bertan, matxura isolatzeko eta sarera Ezkerraldetik ura sartzeko lanak hasi ziren, eragiketa zehatz eta zailen bidez une oro udalerri guztien eta industria-sare osoaren hornidura bermatzeko. Hori bai, sarera airea sartzearen eta izandako presio jaitsieren ondorioz, zenbait udalerritako eremu zehatzetan hornidura mozketa puntualak izan ziren.

Bai izandako hodi-hausturak bai matxura konpontzeko lanek uraren uhertasuna eragin zuten, lehenik eta behin sare primarioko online turbidimetroetan eta deposituetan detektatu zena. Egoeraren berri izan bezain laster, nahitaezkoa bilakatzen da kaltetutako eremuetan bertan laginketak egitea, eta horrela egin genuen ehun neurketa baino gehiago eginez.

Bada, jasotako datuak ikusita, larunbat arratsaldean abisua zabaldu genuen komunikabideen bitartez Loiuko, Erandioko eta Zamudioko udalerrietan ura EZ kontsumitzeko gomendioa egiteko. Asteburu osoan zehar jarraitu zuten aurrera neurketek, eta, igande goizean, egindako neurketetan oinarrituta, ura ez edateko gomendioa Mungiara ere zabaldu zen.
Herritarrei komunikabideen bidez ura ez kontsumitzeko gomendatzeaz gain, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa zuzenean jarri zen harremanetan telefono bidez kaltetutako herrietako udal arduradun nagusiekin, bi helbururekin: batetik, gertakariaren berri lehen eskutik ematea, eta, bestetik, ahal zuten neurrian, jakinarazpena ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta jende gehienarengana iristeko laguntza eskatzea.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak atarietan kartelak jarri ohi ditu programatutako konponketen berri emateko, baina baliabide hori ezin da erabili herri handietan eragina duten ustekabeko matxuren kasuan. Jakinarazpenak ahalik eta azkarren komunikatzea ezinbestekoa den kasuotan, komunikabide nagusietara jotzea askoz eraginkorragoa da herritarrengana heltzeko, baliabide benetan baliotsua bilakatzen direlarik ohiko hedabideak.

MUGIKORRERA BIDALITAKO MEZUAK

Egindako ahaleginak ahalegin, bistakoa da hainbat herritarrek ez zutela ura ez kontsumitzeko gomendioa jaso, ez komunikabide nagusien bitartez ez sare sozialen bidez. Hori ikusita, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa telefono bidezko SMS mezuetan oinarritako komunikazio-sistema propio bat probatzen ari da, dagoeneko beste administrazio publiko batzuek modu zabalean erabiltzen dutena. Era berean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin bilduko da, kontsumoko urekin lotuta gertatzen diren gorabeheren berri emateko neurri gehigarriak era koordinatuan nola hartu aztertzeko.

Bestalde, aukera hau baliatu nahi dugu eragindako udalei eskerrak emateko gure abisuak zabaltzen laguntzeagatik eta erakutsitako inplikazioagatik. Era berean, barkamena eskatzen diegu herritarrei sortutako eragozpenegatik, eta argi utzi nahi diegu ahalegin guztiak egingo ditugula detektatutako gabeziak konpontzeko, bat etorriz kalitatezko zerbitzu bat emateko dugun konpromiso zorrotzarekin.

Amaitzeko, berriro azpimarratu nahi dugu 60ko hamarkadan Ordunteko kanala hautsi zenetik izandako matxurarik handiena izan zela larunbatekoa, bai eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa eratu zenetik izandako garrantzitsuena ere. Hori bai, azken hamarkadetan balizko arazoei aurre egin eta hornidura-berme bikoitza ziurtatzeko abian jarritako plangintzari eta egindako inbertsioei esker, herritar kopuru esanguratsu bati ur hornidura moztu beharrik gabe matxurari aurre egiteko gai izan gara. Ez hori bakarrik, une oro egiaztatu dugu tokian toki hartutako laginetako kloro libre mailak oso txikiak zirela, hau da, urak behar bezala desinfektatu direla.

Aste honetan zehar ere laginak hartzen jarraitu dugu, kaltetutako udalerrien jarraipen eta zaintza egokia bermatzeko. Azaroan 19an uneotan prozesatzen ari diren laginak hartu ziren, eta asmoa hilaren 22ra arte laginak hartzen jarraitzea da, ur-hornidura sare osoak behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko.

Erlazionatutako dokumentuak:

Bilbao Bizkaia Ur Patzuergok zabaldutako informazioa (pdf, 133 kb)

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa