2008-11-10
Leioako XXIX. Artisautza azoka arrakastatsua izan da aurten
Publiko zein salmenten aldetik izandako harreragatik oso pozik azaldu ziren artisauak
Joan den asteburuan ospatu zen Leioako Artisautza azokaren XXIX.edizioa arrakasta izugarria izan duela adierazi dute antolatzaileek. Eguraldiak lagun izanda, pertsona asko bidu ziren Leioako bulebarrean Euskal Herriko gastronomia eta artisautzaren produkturik onenak erosteko zein dastatzeko.
Antolatzaileek esan bezala, hain ona izan da bisitarien harrera egun bietan, hau da, larunbatean zein igandean, ordutegiak luzatu behar izan zituztela goizez zein arratsaldez. Honetaz gain, artisau guztiek oso pozik azaldu dira aurtengo salmentekin, “publikoaz gain salmenta asko ere izan ditugu aurten, eta egungo egoera ekonomikoarekin oso albiste ona dugu hau”, adierazi zuten parte hartu zuten artisau batzuek.
Guztira 24 erakustoki ezberdin izan ziren azokan bertan eta denak Kalitatezko ziurtagiriarekin. Erakustoki hauen artean (13 artisauak eta 11 gastronomikoak), 11 bizkaitarrak izan ziren, 2 gipuzkoarrak, 4 nafartarrak eta gainontzeko 7ak Estatuko hainbat tokitik etorritakoak. Honetaz gain, eta lehendabiziz, Leioako Ostalaritza Eskolak ere parte hartu zuen stand batekin, bertan euren argitalpenak erakutsi zituzten.
Erakusketaz gain lau tailer antolatuko ziren artisauen lana gertutik ezagutzeko. Lehena zura tailatzearena izan zen, Ana Aldanaren eskutik, bigarrena Leioako udal tailerraren eskutik ziri-parpaila, hirugarrenik sormenezko ehungintza Mariví Méndezen eskutik, eta azkenik bitxigintza artistikoa landu zuen Emozioni di Vetrok.
Aurkeztu ziren artisau lan guztien artean zurezko lanak, keramika, larrukigintza, edota ehungintza izan ziren, besteak beste. Baina eskulanetaz gain gastronomia ere protagonista izan zen asteburuan. Gure baserrietako produkturik gozoenak dastatzeko aukera izan genuen Leioan euro biren truke (gaztaia, hestebeteak, ahate paparra eta ogia).