Leioako Udalak Ikea zonaldeko konexio mekanikoa martxan jartzeko obren esleipena egin du jada. Proiektuak milioi erdi euro baino gehiagoko inbertsioa eragingo du. Izan ere, igogailu bikoitzeko lotura egingo da; horiek horrela, auzoko bi guneen (goikoa eta behekoa) arteko desnibel garrantzitsua gainditu ahal izango da, eta, gainera, Ikea, San Juan, Iturribide eta Mendibil elkartzen diren gunean egin ahal izango da. Hirigintza proiektu honek zonaldean bizi diren Leioako 3.000 familia baino gehiagoren bizitza kalitatea hobetuko du laster.
Hartutako neurria, hau da, igogailu bikoitzeko lotura, inguruan dagoen irisgarritasun arazoari eman ahal zaion erantzunik onena da; era berean, aipatutako irisgarritasun arloan dagoen araudi sektoriala ondoen betetzen duena da. Kokapen horri esker, gainera, konexioa artatutako biztanleriaren erdigunean egiten da eta posible den desnibelik handiena gainditzen da (20 metro).
Beste aukera batzuek, hala nola, gure inguruko beste herri batzuetan (Barakaldo eta Sestao) jarritako eskailera mekanikoek, Bizkaiko minusbaliotasun fisikoa duten pertsonen federazio koordinatzailearen (Fekoor) kontrako iritzia jaso dute, bai eta Justizia Epaitegien kontrako iritzia ere; izan ere, horien ezarpenaren aurka azaldu dira, eskailerak erabil ditzaketen pertsona guztien (ez soilik gurpil-aulkietan dabiltzan pertsonena, baizik eta baita haur-kotxeak edo erosketetarako orgak erabiltzen dituzten pertsonena ere) mugikortasun arazoetara egokitzen ez direlako.
Arrapalak jartzeak ere ez zituen konpontzen aintzat hartutako arazo guztiak; izan ere, egungo bideetan jarri behar ziren, gaur egun dituzten erabilerak murriztuz (galtzadaren zati bat, aparkalekuak edo espaloia barne, kendu beharko litzateke), eta, gainera, bateraezina zen oinezkoen goranzko eta beheranzko joan-etorriak hartuko dituen arrapala bikoitz bat atontzearekin.
Aurreikusitako lotura mekanikoa osagarri ezin hobea izango da orain dela bi urte, eta milioi bat euro inguruko inbertsioarekin, Bidekurtzio plazan abian jarri zen eta Txomin Aresti-Kandelazubieta (herri erdigunean) ingururainoko distantzia egiten laguntzen duen pasabide+igogailuarentzat.
Aipatutako konexio honen obrak uda honetan hasiko dira eta 2010.urteko Gabonetarako igogailu hauek erabiltzeko prest izatea espero da.