Leioa
Bilaketak
Asteartea, 2024ko Azaroaren 26a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2010-10-18 Musika Eskolaren 30. urteurrena Eneko Arruebarrena Elizondo, Leioako Alkatea
Eneko Arruebarrena / Eneko Arruebarrena

2010. urtean Leioako Kontserbatorioaren eta Udal Musika Eskolaren jaiotzaren hogeita amargaren urteurrena ospatzen dugu. Laurogeiko hamarkadaren hasieran abentura arriskutsua eta nabarmenkeriaz betea zirudien hura, hogeita hamar urteren buruan, itzal handiko erakundea da gure udalerriarentzat eta gure erkidegoarentzat, eta, era berean, kalitateko erreferentea ere bada Euskadiko eta inguruko musika zentro espezializatuentzat.

Leioako Udal Kontserbatorioa eta Musika Eskola ondo irteten den etorkizunerako apustu horietako bat da. Hiru hamarkada, ehunka milaka ordu, lan, ahalegin eta ardura, gure erkidegoko gazteenak prestatzeko, hezteko eta musikaz gozarazteko: 2.800 pertsona baino gehiago izan dira. Ezagutzaren aldeko apustu garbia, bertako gelatan bai musikari gisa bai gizaki gisa prestatzeko aukera izan duten pertsona guztien garapenaren aldekoa, eta, orobat, horietatik abiatuta bizitzako beste eszenatoki batzuetara zabaltzearen aldekoa.

Gaur egun, Leioako Kontserbatorioak Europako Erdialdeko hiri askotakoek duten neurria eta garrantzia dauzka. Izan ere, Europako musika hirietako askoren mailan jartzen gaituen erakundea da. Zaila da, benetan, 30 urte emankor hitz gutxitan laburtzea.

Beraz, zentroaren arrakastaren oinarrizko lau zutarriak nabarmenduko ditut.

Ikasleak. Ia hiru mila eta bostehun neska-mutilek beren izatearen parte handia eman dute musika nola irakurri ikasten, musika entzuten eta musika egiten, beren musika-tresnak beren eskuen luzapen natural izatea lortu duten arte. Gaur egungo gizartean, gero eta zailagoa da jendea eskuez gauzak egiten ikustea. Garai berrietan, jarduteko modu berriekin, lanbideak ahazten ari gara, edo jakin-minez ikusten ditugu eskuez egiten diren jarduerak. Galtzen ari gara gauzak egiteko gaitasuna, hitzaren zentzu hertsian; hau da, galtzen ari gara gauzak sortzeko, forma emateko gaitasuna. Leioako Kontserbatorioak musikaren benetako artisauak prestatu ditu. Beren kabuz sortzeko eta beren sorkuntza-lanak arte bihurtzeko gai diren pertsonak.

Ikasleen gurasoak. Zein erraza dirudien seme-alaba batek musika ikasteko erabakia hartzea, eta zenbat eragozpen gainditu behar diren, zenbat babes, estimulu, jarraikitasun, sakrifizio eta maitasun behar den erabaki xume hori hartzen den unetik bertatik hasita. Hori guztia poza eta jendaurreko aitorpena biltzeko egiten da batzuetan, baina, gehienetan, guraso gisa gauzak ondo egin izanaren poza sentitzeko egiten da. Erabaki horiek handitu egiten dute gurasoen irudia eta benetako garrantzia ematen diote irudi horri; eta are gehiago gaur egun, gizarteak etengabe helarazten baitizkigu, musutruk, garaipen errazaren bitartez eta lanik egin gabe lortutako arrakastaren irudiak. Guraso umilek hartutako erabaki horiek, itxuraz, ez dute garrantzi berezirik, baina benetan estrategikoak dira, eta asko laguntzen dute, egiaz asko, ingurukoen errealitatea onera aldatzen.

Zentroko irakasleak, administrariak eta zuzendaritzakoak. Ondo ezagutzen dena baino ezin dela maite esan ohi da. Zentroa aurrera ateratzen jardun duten pertsonek, modu profesionalean gehienak eta amateur moduan beste asko, ondo baino hobeto erakutsi dute errotik ezagutzen dutela beren zeregina eta biziki maite dutela musika, eta baita musikan eta musikarentzat hezteko aukera ere.

Euskarri materiala eta ekonomikoa eman duten erakundeak. Leioako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ematen dute ideia handi hori egia bihurtzeko beharrezkoa den aurrekontuaren %50 eta %30, hurrenez hurren. Hiriek ez zekitenean, gaur egun dakigun moduan, zein garrantzitsua zen hirien unibertso konparatuan balio erantsia emango zion marka bereizgarri baten alde egitea, Leioak egiten jakin zuen. Hezkuntzaren eta prestakuntzaren bidetik egin zuen, gainera. Musikaren bidetik: Kontserbatorioarekin eta Musika Eskolarekin. Gaur egun badakigu, halaber, gure bizitzaren eremu guztietan berrikuntzaren alde egiten dugun apustuaren araberakoa izango dela ongizate-gizarte gisa dugun etorkizuna.

Eta jakin badakigu, halaber, berrikuntzaren oinarria gure jendearen prestakuntzan eta sortzeko ahalmenean dagoela. Leioako Kontserbatorioa eta Musika Eskola benetako motorra izan dira I+G+b alorrean, bai udalerriarentzat bai herritarrentzat. Lau zutabe horiek izan dira, azken batean, 30 urteko historia honen benetako protagonistak. Eta horien atzetik beste asko etorriko dira. Zorionak eta eskerrik asko.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa