2010-11-26
Kontsumo Iraunkorraren VI. Azoka
Azaroaren 27an larunbata 11:00etatik 14:00etara Euskal Etxeen plaza II-n
Herrigune Leioa Komunitate Hezi-Ekintzak egitasmotik kontsumo arduratsu eta iraunkorragoa sustatuko dituzten praktika eta jarrerak bultzatu nahi ditugu. Ildo horretan, Kontsumo Iraunkorraren Azokak objetuen bizitza luzatzeko esparrua izan nahi du, eta aurten bere seigarren aldia egingo du.
Ideia xaloa du oinarrian: Zuri balio ez dizun horrek beste bati balio diezaioke. Kontua ez da ganbara hustutzea, erabiltzen ez duguna auzolagunei ematea edo haiekin trukatzea baizik.
Azokak baliagarri izan arren erabiltzen ez ditugun objetu guzti horiek partekatzeko topagune izan nahi du. Proposatzen dena ez da trukaketa hutsa, hori baino askoz ere gehiago da. Objetuek haiekiko dugun beharraren balioa dute. Niri balio ez didan objetu hori beste batentzat premiazko gerta daiteke. Kontsumo espiralaren aurrean, aukera paregabea da hau partekatzeko esperientzia komunitarioa bizitzeko eta “Beste mundu bat (benetan) posible dela” frogatzeko.
Eraman Azokara erabiltzen ez dituzuen objetu horiek!!
Kontsumo arduratsua jarrera iraunkorra da, BERRERABILTZEA ERE!!
Aurtengo berrikuntza zera da: Herriguneren webgunean On Line Azoka Iraunkorra abian jarri dugu Foro atalean, urte osoan zehar gisa honetako harremanak sustatzeko. Hau da, zentzu honetan erabil dezazuen, objetuak bilatu edota eskaintzeko, dirurik erabili gabe. Bookcrossing liburuak partekatzeko sistema bat ere abian jartzekotan gara ildo honetan.