Trebiñun hasi da aurten urte birik behin izaten den euskararen aldeko lasterketa erraldoia: Korrika. Aurtengo leloa Euskalakaria da eta, 11 egunez gelditu barik, Euskal Herria zeharkatuko du hamazazpigarrenez, apirilaren 17an Donostiara heldu arte. Leioara, bihar 09.30ean aldera helduko da. Aurten Erandiotik etorriko da eta gure herriko Avanzadatik pasa ostean Erromorantz egingo du. Anima zaitez eta parte hartu!
Korrika, AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko lasterketa da. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. 1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordutik 16 Korrika eta 30 urte igaro dira.