Leioako Udalak onartu egin du hiri-garapen arloaren behin-betiko Urbanizatzeko Jarduera Programa (UJP), eta horren barruan, Txorierri auzoaren konexio mekanikoa aurreikusten da.
UJP onartzeak beharrezkoa den hurrengo eta azken pausuari irekitzen dio atea, urbanizazio Proiektua. Hortaz, auzokoentzat hain beharrezkoa den lan honi hasiera emateko nahitaezko lurzoruak kudeatzeko fasearekin has gaitezke. Aipatu urbanizazio proiektua aurkeztea Eusko Jaurlaritzari dagokio, eta Udalak espero du 2011n tramitatzen hastea, atzerapenik gabe. Horrela, hurrengo urtean lurzoruak desjabetu ahal izango dira, jarduerari ekiteko beharrezkoak direnak.
Hiri jarduerak honakoa aurreikusten du: babeseko 78 etxebizitza eraikitzea auzoaren hegoaldean, Itsasadarrera begira egongo den paseo-begiratokia, magaleko parke bat eraikitzea eta Txorierrik eta Lamiako auzoak lotuko dituen igogailua ezartzea. Hori guztia Leioako Udalak eta aurreko Eusko Jaurlaritzak 2009ean sinatutako hitzarmen batetik dator, ekimen pribatuaren bitartez konpondu ezin izan den arazoari irtenbidea emateko. Hitzarmenaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren esku geratzen da hiri-jarduera eta Udalaren esku, aldiz, igogailua ezartzea; horretarako, proiektua erredaktatuta daukagu Udalean, eta finantzazioa lotuta.
Bi urte baino apur bat gehiago pasatu da hitzarmena sinatu genuenetik, eta gaur egungo Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren bi dokumentuen artean, lehena tramitatu du, UJP, hiri jarduera posible egiteko. Bigarrena tramitatzea geratzen da, beraz, eta horren gainean ari dira lanean.
Beste alde batetik, eta Txorierri auzoarekin lotuta, Udala lanean aritu da auzoari beste errepide-sarrera bat emateko, gaur egun Ondizetik doana errepidearen osagarri izateko. Ildo horretatik, Udalak amaitu egin du lurzoruaren jabeekin akordioak sinatzen, desjabetzetara jo behar izan barik. Orain, hurrengo pausua udal hiri Planeamendua aldatzean datza, eta horren ostean, hurrengo urtean bukatuta ikusi.