2011-05-25
Leioak Aste Berdea ospatuko du asteburu honetan
Larunbata, maiatzaren 28tik ekainaren 5era arte, Aste Berdearen bigarren edizioa ospatuko da Leioan. Egun hauetan jasangarritauna eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duten hainbat ekintza izango dira martxan.
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ekainaren 5ean denez, eta Nazio Batuek ingurumenaren aldeko Programaren ekintza moduan, Leioak ere Aste Berdea ospatuko du aurten. Agenda 21eko Batzordetik antolatutako hainbat ekintza izango dira martxan egun hauetan udal sail desberdinen laguntzarekin.
VII. Kontsumo Iraunkorraren Azoka
Larunbata maiatzak 28an 11etatik 14etara Euskal Etxeen Plaza(II)n
Jarduera hau dataz aldatu dugula Aste Berdearen barruan sartzeko, eta bide batez ea eguraldi ona harrapatzen dugun! Bestelakoan, gure ildoan jarraitzen dugu: erabilitako objetuen azoka, objetuen bizitza luzatzeko lekua duzu hau. Zuri balio ez dizun horrek beste bati balio diezaioke: ideia lau hori du Azokak oinarrian. Kontua ez da ganbara hustutzea, erabiltzen ez duguna auzolagunei ematea edo haiekin trukatzea baizik. Kontsumo arduratsua jarrera iraunkorra da, BERRERABILTZEA ERE!! Eta ez ahaztu on-line azoka bat ere martxan dugula www.herrigune.org helbidean.
VI Kanpaketa
Jolasten, solasten, sortzen, gogoeta egiten...: asteburua elkarrekin pasatzera hurbildutako Leioako familiekin batera ospatzen dugun VI. Kanpaketa da aurtengoa. Denon artean kudeatzen dugu daukaguna, egin beharrekoa eta egin nahi duguna. Elkarbizi eta partekatzeko espazioa da. Zure bizilagunekin batera kalitatezko hiri- eta gizainguruaz gozatzera animatu zaitez. Euren esperientziak partekatu nahi dituzten gurasoentzat antolatu dugun Haziera Topaketak kanpaketarekin bat egingo du aurten lehenengoz. Gutako bakoitzak eskaintzen duen aberastasuna komunitatearen aberastasuna da.
Auzolan
Auzolana, lanen bat egiteko dauzkan eskuak baino gehiago behar dituen pertsona edo taldeari dagokion jarduera da. Auzolana bere ingurunea eraiki eta zaindu nahi duen komunitatearen zati horren beharra jaso ahal izatea da, detaileak zainduz. Proiektua ingurukoekin batera egin ahal izatea, prozesua kontrolatuz, elkartasunez eta modu arduratsuan aurrera atereaz. Pertsona edota auzoen arteko harreman loturak eraikiz. Gure historia eta taldeidentitatearen parte diren egiteko moduak berreskuratuz.
Topagune bat sustatuz, jarduera hau errealitate eraldatzailea bilakatuz. Azken bi urteotan auzolan bana jarri dugu martxan Udaletik, 2009an Pinuetan eta 2010ean Kurkudi parkean. 2011 honetarako gure asmoa beti sinistu dugun horren alde egitea da: Auzolana komunitateari dagokiola, auzoari, alegia.
Hori dela eta, www.herrigune.org webgunean Auzolana aktibatzeko espazio bat irikiko dugu. Zure auzoan Auzolana egitea ondo legokeela baderitzozu, partaidetza@herrigune.org helbidera idatz dezakezue, edo telefonoz deitu 94 402 97 80 zenbakira Solasgunez galdetuz; orain Auzolana zuon eskuetan dago