2011-11-11
Avanzada estaltzeko proiektuaren idazketa esleitu du Aldundiak
Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio eta Obra publikoen sailak esleitu du behin betiko Avanzadaren estaltzea hartzen duen proiektuaren idazketa. Aldundia errepide honen jabea denez berari dagokio pausu hau ematea Leioatik pasaten den errepide honen estaltzea posible izateko herri erdialdetik, hau baita Leioako herriaren eta Udalaren eskaera nagusienetariko bat.
Bizkaiko Aldizkari Ofizialak argitaratzen duenez, Aldundiak Avanzadako proiektuaren eraikuntza, handitzea eta tunelaren egokitzapena lantzeko zerbitzu teknikoen kontratazioa esleitu du. Esleipen hau Estatu mailan izen handia duen ingenieritza enpresa batek hartu du, Sener S.A, eta aurrekontua 2.290.000 eurotan kokatzen da.
Hau horrela, proiektuak herri erdialdean irekita diren trintxera bien estalketa aurreikusten du, Bulebarretik Iparragirre eta Estartetxe kaleetako biribilgunera arte. Horretaz gain, Iturribide aldean dagoen tunelaren sarreraren estaltzea luzatzea aurreikusten du proiektuak, Bidekurtzio eta Kandelazubieta zonaldeetara heldu arte. Gauza bera irteeran, hau da, Lekuederreko tunelaren irteera estaltzea ere Artatza biribilgunera arte eramatea aurreikusten da.
Bestetik, proiektuaren barne dago Artatzako suhiltzaileetara arteko pasarela egitea eta Ugarteondo zonaldeko (NH hotela, Bulegoak, Gobela eraikina) irteera eta sarrera berbideratzea. Honela berezko bidea izango dute zonaldeko gidariek, Avanzada hartzeko Getxora bidean inongo etenaldirik egin ez izateko, segurtasuna handituz eta trafikoa askatuz.
Sener-eri tokatzen zaio orain proiektuaren idazketa egitea ekintza guzti hauek islatuz, eta hobetzeko bideragarriak izango litezkeen beste batzuk gaineratuz. Guztira 40 miloi euroko inbertsioari aurre egingo dio Aldundiak.