2008-10-09
Behargintza Leioak ikastaroen eskaintza berria kaleratu du jada
Aurtengo ikastaroekin, langabetuen egoera aldatzeaz gain, lantokietan praktikak egitearen alde egin du Behargintzak
Leioako Udalak, Behargintzarekin elkarlanean, 200 plaza baino gehiago eskaintzen dituzten zortzi ikastaro desberdin antolatu ditu datorren hilerako langabezian diren pertsonentzat. Eskari hau herriko sektore kaltetuen enpleagarritasuna hobetzeko helburuarekin osatu da, horregatik ikastaro hauetako hiru emakume langabetuei zuzenduta daude eta beste bat 21 urte baino gutxiago eta lanbide–prestakuntzarik gabeko gazteentzat.
Aurtengo ikastaroekin, langabetuen egoera aldatzeaz gain, lantokietan praktikak egitearen alde egin du Behargintzak, modu horretan lan munduarekin lehenengoko harremana izatea lortzen dute ikasleek eta enpresek pertsona hauek duten gaitasunaz ohartu daitezke.
Diruz lagundutako ikastaroak
Aurkeztutako ikastaro hauek guztiak diruz lagundutakoak dira; Kudeaketako aplikazio informatikoen kurtsoa, autoen ordezko piezen teknika eta txapa-pinturako ikastaroa Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu sailak babestuta daude. Geriatria laguntzailea, arrandegi/harategi, eta ostalaritza eta industri garbiketa ikastaroak Udaleko Promozio Ekonomikoa, Prestakuntza eta Enplegu sailak babesten ditu. Azken udal saila honek, Gazteria sailarekin batera, gainontzeko ikastaroak babesten ditu, hau da, informatika hastapena eta praktikoa.
Ikastaro guzti hauei buruzko informazioa etxeetara bidaliko da, datu gehiago jaso nahi dutenek Behargintzako bulegora joan beharko dute.
Partekatu:
Itzuli