2008-10-29
Leioak Gazteleku berria izango du Aldapabarrena kalean
Lokalak 500 metro koadro baino gehiago izango ditu eta uda baino arinago irekiko da
Egun batzuk ez dira igaro Pinuetako Kultur Areto berria ireki dela eta dagoeneko Udalak eman du bere hurrengoko pausua herriko kultur aretoak eta gazteentzako aretoak egokitzeko. Oraingoan herri erdigunean kokaturiko guneaz ari gara, Aldapabarrena kalekoa, hain zuzen ere.
Aldapabarrena kaleko 2-4 eta 6 zenbakien artean kokatuta egongo da Gazteleku berria, eta hilabete gutxi batzuk barru irekita izango da Udalak dagoeneko egokitze lanak egokitu dituelako. Proiektu honen ezaugarriak idazteko aukeratu den enpresa, zozketa publikoa egin eta gero, Arcain Ingenieria y Arquitectura izan da 663.439 euroengatik.
Gazteentzat zuzendutako areto honek 517 metro koadro izango ditu, eta hainbat gune desberdin: 50 lagunentzako ikasketa gela, erabilera anitzeko gela, nagusienak egoteko gela eta txikientzako bete gela bat ere, informatika gunea, elkarteentzako bulegoa, administrazio gunea, sukaldea eta honi elkartutako gela bat, eta azkenik komunak eta artxiboak.
Gaztelekuaren banaketa egiterakoan gauza bat izan da kontutan, ekintza zaratatsuak eta lasaiagoak egiten diren guneak banatzea, honetaz gain aretoaren irekiera partziala izan daiteke erabilera eta ordutegien arabera. Zehazki besteengandik bereiztu daitekeen gunea “zaratatsua” da, hau da, erabilera anitzeko gela, elkarteen bilerak egiteko gela eta nagusientzako gela.
Proiektu honetan esfortzu berezia egin da isolamendu akustikoan lokalaren goikaldean bizi diren leioaztarrei eragozpenik ez sortzeko.