2020-11-19
Udal langile baten aurka agertutako pintadak gaitzesteko adierazpena
Azken gertakariak ikusita, eta pertsona batzuek euren helburuak lortu ezean ordenamendu juridiko demokratikoak onartzen ez dakitela egiaztatu ondoren, euren ekintzen bidez iraganeko mamuak gogora ekarriz, Leioako Udalak erabat gaitzetsi nahi ditu udaleko funtzionarioa den teknikari baten aurka agertutako pintadak.
Horrez gain, honako hau adierazi nahi du:
• Udal-korporazio honek gaitzetsi egiten du bere langileen aurka egiten den gizalegearen kontrako ekintza oro, pintaden, mehatxuen, akusazio faltsuen nahiz beste edozein bitartekoren bidez adierazitakoak izan. Hortaz, errespetua eskatzen du udal-administrazioa osatzen duten pertsona guztientzako.
• Udaleko langile guztien ohorea eta lana defendatzen eta errespetatzen ditu, lan bikaina egiten dutelako eta erabat inplikatzen direlako euren egitekoan, euren inpartzialtasuna zalantzan jarri gabe. Udaleko funtzionario guzti-guztiek errespetatzen dute indarrean dagoen ordenamendu juridikoa, bai eta objektibotasunaren, zintzotasunaren, inpartzialtasunaren eta profesionaltasunaren printzipioak ere; horrez gain, kontuan hartu beharra dago, prestatzen dituzten txostenekin eta proposamenekin erantzukizun-karga handia hartzen dutela maila guztietan.
• Udal honek bermatu egin nahi du funtzionario publiko guztiek lanean duintasuna izateko daukaten eskubide indibiduala. Horrenbestez, beren-beregi mespretxatzen ditu langileen aurka egindako irainak edo ohorearen eta norberaren irudiaren aurka egindako delituak eta, beharrezkoa izanez gero, prest dago dagozkion legezko ekintzak egikaritzeko.
• Kasu honetan, Leioako Udaleko arkitektoa den Anton Uncillak egiten duen lan eskerga babesten dugu. Haren ahalegina eta inplikazioa baloratzen dugu, eta ez dugu zalantzan jartzen hark egindako lanaren inpartzialtasuna eta arbitrariotasuna. Ildo horretatik, aski egiaztatuta dago bere eginkizunak neutraltasunez betetzen dituela eta leioaztarren alde lan egiteko borondatea duela.
• Mehatxuek eta presioek ezin dute inoiz helburu bat justifikatu. Horregatik, hizpide dugunaren moduko larderien egileei eskatzen diegu horrelako ekintzak alde batera utz ditzatela eta errespetatu ditzatela lege-ordenamenduak, iritzi-askatasuna eta pertsonen ohorea eta lana.
Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Elkarrekin Leioa Podemos eta Partido Popular de Leioa talde politikoek bat egiten dute hemen adierazitako guztiarekin. Gertakari horiek publikoki gaitzesten dituzte eta euren babes osoa adierazten diete langile guztiei, bereziki, Anton Uncilla udal-arkitektoari.