Leioa
Bilaketak
Igandea, 2024ko Azaroaren 24a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2024-07-04 Palestinari buruzko deklarazioa Aho batez onartuta
/

Joan den maiatzaren 15ean NAKBAren 76. urteurrena bete zen; urtemuga honek gogorarazten digu Palestinako herriak hamarkadak daramatzala Israelen apartheid erregimenaren mende. Berez hain latza den egoera hori are gehiago larriagotu da Israel 2023ko urriaren 8tik Gazako Zerrendaren eta lurralde palestinar osoaren aurka garatzen ari den eraso militarraren ondorioz. Era berean, Hamasek hilaren 7an egindako erasoa ere aipatu behar da, neurri baten Israelen neurrigabeko erantzuna eragin baitzuen.
Nazioarteko Justizia Gorteak maiatzaren 24an ebatzi zuen Israelek "berehala" geldiarazi behar zuela Rafahn, Gazako hegoaldea, aurkako eraso militarra. Hegoafrikak erabakia larrialdi-neurri moduan hartzeko eskatu zion Auzitegiari, Israelek Rafahn egiten zituen jarduerak operazio "genozida" zirela eta Palestinako herriaren biziraupena mehatxatzen dutela adieraziz.

Nazioarteko Justizia Gorteak urtarrilaren amaieran ere Israelengana jo zuen Zerrendan laguntza humanitarioa sartzen uzteko eskatuz, eta martxoaren amaieran berretsi egin zuen agindu hori. Halaber, Israeli Gazako gerran "genozidio-ekintzak saihesteko bere esku dauden neurri guztiak" har zitzala eskatu zion, eta hilabeteko epean Auzitegiak emandako aginduak aplikatzeko hartutako neurri guztiak jaso behar zituen txosten bat aurkezteko agindua helarazi zion, baina gaur arte ez du bete.

Hori guztia 2023ko urriaren 7tik aurrera abiatutako operazio militarrarekin Israel 1948ko Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioa urratzen ari zela argudiatuz Hegoafrikako gobernuak 2023ko abenduaren 29an Nazioarteko Justizia Gortean irekitako prozesuaren esparruan kokatu behar dugu. Espainiako gobernuak ekainaren 7an bat egin du irekitako prozesu horrekin, Mexikok, Kolonbiak, Nikaraguak eta Libiak gauza bera egin ondoren.
Operazio militar horretan Israelek 36.000 pertsona baino gehiago hil eta 80.000 baino gehiago zauritu ditu Gazako Zerrendan, % 70 emakumeak, neskak eta mutilak. Gazako biztanle gehienek nahitaez lekualdatu behar izan dute, hein handi batean Rafahra, Zerrendako hegoaldera ihes eginda; gogorarazi behar da Rafahn ez dagoela lekualdatutako pertsonak mantentzeko beharrezko azpiegiturarik eta baliabiderik.

Bien bitartean, batez ere elikagaiak garraiatzen dituzten ehunka kamioi, laguntza-materialen tona asko, oraindik ere geldirik daude Zerrendako ateetan, sartzeko Israelen onespenaren zain. Erantzun humanitario guztia, neurri handi batean, UNRWA erakundearen gaitasunaren mende dago. Baina Nazio Batuen Agentzia kolapsoaren zorian dago. UNRWAko 189 langile hil direla baieztatu da.

Aipagarriak dira munduan zehar genozidioa salatzen duten protestak eta gertatzen ari diren herri palestinarrarekiko elkartasun-adierazpenak. Euskal Herrian herritarrak askotan mobilizatu dira, jende asko biltzen duten ekitaldietan, Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko eta berehalako su-etena eskatzeko. Hainbat plataforma erreferente bihurtu dira herri palestinarraren aldeko ekimenetan, eta, beraz, Israel egiten ari den genozidioaren aurkako borrokan.

Beste alde batetik, mundu osoan zabaltzen ari den ikasleen elkartasun olatua ere iritsi da Euskal Herrira. Izan ere dozenaka ikaslek Palestinari elkartasuna adierazteko ekimenak garatu dituzte, kanpaldiak egin dituzte UPV/EHUn edo NUPen, eta batzar eta mobilizazioen protagonista izan dira.


Hori guztia kontuan hartuta, Leioako Udalak

1. Bat egiten du Nazioarteko Justizia Gorteak Gazan genozidioa saihesteko Israeli zilegi diren neurri guztiak hartzeko agintzen dion erabakiarekin.

2. Udalak biztanleria zibilaren aurkako eraso oro arbuiatzen du, Hamasek joan den urriaren 7an biztanleria zibilaren aurka egindako ekintzak barne.

3. Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa betetzeko exijitzen dio Israeli; era berean, NBEren ebazpenak eta Nazioarteko Justizia Gorteak jaulkitako ebazpenak betetzeko exijitzen dio.

4. Israeli korridore humanitarioak irekitzea onar dezala eta berehala eta modu iraunkorrean Gazan eta Zisjordanian su-etena eman dezala eskatzen dio.

5. Udalak bat egiten du Palestina estatu gisa ofizialki aitortzeko Irlandak, Norvegiak eta Espainiako estatuak garatu duten ekimenarekin, kontuan hartuta euskal gizarteak aspalditik aitortu diola eskubide hori.

6. Babesa eta laguntza adierazten dizkio UNRWA Nazio Batuen Agentziari eta agentzia horrek Palestinan egiten duen ezinbesteko lana aintzatesten du.

7. Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Espainiako gobernuei eta nazioarteko gainerako eragileei Palestinarekiko dauden lankidetza-proiektuak jarraitzeko eta indartzeko eskatzen die. Ildo beretik, arlo horretan lan egiten duten erakundeei, hala nola UNRWAri eta beste erakunde eta ekimen sozial batzuei, babesa emateko eskatzen du.

8. Udalak Europar Batasunari eta, oro har, Nazioarteko Erkidegoari bahituta dauden pertsona guztiak askatzera bideratutako kudeaketa diplomatikoak bultzatzeko ahalegin handiagoa egin dezala eskatzen dio. Udalak adierazten du Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoarekin bat egiten duela preso palestinar guztiei, adingabeei arreta berezia eskainiz, bidezko tratua exijitzeko lanean.

9. Berretsi egiten ditu Palestinako Herriak estatu subirano eta bideragarria izateko eta herri palestinarrarentzat bake justu eta iraunkorra lortzeko dituen eskubideak.

10. Adierazten du bere babesa ematen diela Palestinako herriaren eskubideen aldeko tokiko plataforma guztiei eta Palestinan giza eskubideen defentsan eta bake justu eta iraunkor baten alde egiten ari diren lan garrantzitsua aintzatesten du. Era berean, etxebizitzak eta era guztietako instalazioak —besteak beste, ospitaleak— suntsitzeko politika eta palestinarren sarraskia eragiten ari den gosetea salatzen ditu.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa