Klima
Leioako klima Atlantikoaren eraginpekoa da. Negu gozoak izaten ditu eta noizbehinka hotz-boladak. Tenperatura-aldaketa gehienez 14º-koa izaten da, prezipitazioak 1.000 eta 1.200 mm bitartekoak eta IM-eko haize hezeak izaten dira nagusi.
Datu geografikoak
Erliebea ez da malkartsua eta batez besteko altitudea 50 m-koa baino txikiagoa da. Muino txikien artean ibaia eta erreka ugari daude eta itsasadarraren ondoko ibarrean biltzen dira denak.
Mendirik handienak Kurkudi, (126 m), Bolunburu eta Ikea dira. Mendi horietatik erreka asko jaisten dira, udalerria Iparraldetik Hegoaldera zeharkatuz, eta beren ibilbidean sakan txiki batzuk eratu dituzte. Hegoaldeko erdian altitudeak 50 m baino txikiagoak dira. Udondo eta Lamiakoko ibarretan sortutako ordeka ugarietan erdian dagoen Artatzako gaina nabarmentzen da, 76 m-ko altitudea besterik ez badu ere. Lamiakoko ibarra itsasoaren mailan dagoela esan daiteke, Udondo ibaiaren eskuineko ertzean, itsasadarrean amaitu baino lehen Gobela ibaiarekin elkartzen den lekuan.
Etimologiari dagokionez, Leioa hitza - lehen Lexona eta gero Lejona idazten zen (1979ko abenduaren 21a arte) - "leiho ona"tik eratorria izango litzateke Iturritza eta beste zenbait idazleren arabera, Artatzako muinoetatik dagoen ikusmira ederra adierazi nahirik. Trueba eta beste idazle batzuen arabera, ordea, "elexa ona" (eliza ona) izango luke errotzat. Nolanahi ere, elizatearen izenak ingurune geografikoarekin du zerikusia; erliebearekin, hain zuzen.
Hidrografiari dagokionez, Udondo ibaiak udalerriaren ekialdean muga egiten du. Leioatik igarotzen denean, Udondo ibaiak erreka hauen urak biltzen ditu: Urgitxi Iberre, Lertxute - sorburuan izen bereko urtegia du -, Mendibil eta Elexalde errekenak. Gero ibaia Iparraldetik Hegoaldera bideratzen da eta Gobela ibaiarekin (honen amaieratik gertu) elkartzen da. Gobela ibaiaren ibilgua aldatu egin zen Pedro Belaunzaran arkitektoaren proiektuen arabera, baina lehenago, Getxotik zetorrela, Leioako udalerria zeharkatu egiten zuen Hego-mendebaldetik Ipar-ekialdera eta Kurkudi errekaren urak jasotzen zituen. Industrializazioagatik eta hondar-ekarpenagatik ibilgua aldatu zitzaionean, Gobela ibaia itsasadarrarekiko paralelo, baina aurkako noranzkoan, ipini zuten. Gero, Udondo ibaiaren urak jaso ondoren, itsasadarrean amaitzen da. Azken tartean bi ibaiak azken metroetan ibaiadar bihurtzen ziren eta mareen eragina heltzen zen ibaien amaieraraino.
Lamiakoko padurak itsasadarraren ertzean daude, Areetako errepidearen eskuinean. Orain mende bat arte gune hau Astrabuduako padurekin elkartzen zen. Duna-lerro eta aintzira gazien padura-konplexua osatzen zuten Asuatik Algortaraino.
Egitura eta geologiari dagokionez, Leioa Bizkaiko Sinklinorioaren hegoaldeko alpean dago. Hego-Ekialdetik Ipar-mendebalderako egiturak eta serieak ditu. Udalerrian margen, Goi Kretazeoko kareharri buztintsu, hareharri eta lutiten arrastoak daude. Geruza horien gainean Tertziarioan (orduan aldi batez Bizkaia urpean egon zen) kareharriak, margak eta hareharriak metatu ziren. Tertziarioaren erdi aldera orogenia alpetarrak eta sumendien erupzioek harri bolkanikoen metakinak eratu zituzten. Kuaternarioko materialak, legarrak, hondarrak eta alubioi-metakinak pilatuta geratu ziren orain 100.000 urte inguru itsasoak izandako aurrerakadan. Litologiaren aldetik udalerriaren eraketa batez ere karezkoa da, eta edafologiaren aldetik, lurrak nabarrak dira, lurralde hezeetako kare-osagaizkoak.
Leioako behe aldeko landaredia padura eta kostaldeko hondartzetan egon ohi dena da. Mareak zuzenean harrapatzen duen gunean, tamaina luzeko ihidiak (Juncus maritimus) eta ihi txikiagoko zohiak, Festuca rubra-ko belardi itxi eta altuak eta, hezetasuna urritzen den neurrian edo marea ia iristen ez delako ur geza nagusi den lekuan, lezkak azaltzen dira. Hauek, padurari itxura erabat aldatzen diote. Giza ekintzaren eraginez gune horretako landaredia oso kalteturik dago.
Udalerriaren barruan larreak ugari dira, baina lehen ugari ziren zuhaitzen hondakinak ere badaude. Iraganeko baso hauen arrastoak daude: artadiarenak, hariztiarenak, ibai-ertzetako ohiko landareenak eta eukalipto-oihaneztatze batzuenak. Garai batean Uribe aldean zen eta ia desagertua den baso hostoerorkorreko ohiko landarediaren araberako arrastoak dira (pagoak, haritz kandugabeak eta ametzak ziren, eta tarteka haginak, lizarrak, urritxak, astigarrak zumarrak eta urkiak ere bai goiko estaia edo estaia menditarrean; haritz kanduduna, kare-magaletan artadi kantauriarra, urritxak, urkiak, astigarra eta lizarrak ziren beheko estaia edo estaia muinotarrena).