Leioa
Bilaketak
Igandea, 2024ko Azaroaren 24a
Hemen zaude: Hasiera » Ezagutu Leioa » San Bartolome baseliza

San Bartolome baseliza

San Bartolome baseliza San Bartolome baseliza.

San Bartolome baseliza Basaez auzoaren goialdean dago, Peruri auzoaren ondoan. XVI. mendean eraikitako erlijio eraikina da, gerora hainbat aldakuntza izan dituena; 1983. urtean berreraiki eta eraberritu egin zuen herritarren elkarteak. Eliza katolikoak ermita gisa erabiltzen du, San Bartolome Apostoluaren izenpean. Ermitaren izena hartu zuen orobat alboko eskola publikoak (gaur egun San Bartolome Kulturgunea denak), bai eta hurbileko bi baserri antzinakok ere: San Bartolome eta Ermitazpi.


Deskribapena


13,2 x 7 metroko oinplano laukizuzena du. Hormak harlangaitzez eginak dira, eta izkinak harlanduzkoak. Kanpai-hormak bao bat eta kanpaia ditu, eta harlangaitza eta harlandua daude konbinatuta. Goian, harrizko gurutze txiki bat dago. Iparraldeko alderdian, arku zuzeneko atea du, eta mendebaldeko fatxadan, berriz, arku zorrotzeko atea. Iparraldean eta hegoaldean, arku apalduko leihoak dauzka. Lurzorua buztin egosiko lauzaz eratua da. Erdiko egituraren estalkia bi isurkikoa da, eta arkupea dauka oinean eta Epistolaren ondoan. Barruan, Bartolome deunaren irudia dago gordeta. Hegoaldeko hormaren luzapenean giza aztarnak eta txanponak aurkitu zituzten.


San Bartolome baselizaren antzinako argazkiak San Bartolome baselizaren antzinako argazkiak.

Erabilera


Bertatik hurbil parrokia eliza eraiki ostean ere, urte batzuetan parrokiaren osagarri funtzioak bete zituen; apaiz batek zuen haren ardura, eta ospakizunak egiten zituen egunero. Dena dela, 1983. urterako, abuztuaren 24ko San Bartolome egunean soilik egiten zen meza abestua, eta erromeria ondoren, zeina inguruko herritarren artean oso ezaguna zen. Ospakizun horri buruzko lehenengo erreferentzia 1898koa da. Joan den mendeko 30eko urteen inguruan, aurreskularien eta jota dantzarien lehiaketak egiten ziren, bai eta erromeriak, musika banda, txistu eta danbolinarekin, nahiz eskusoinu korroak ere. Hala ere, harri probek erakartzen zuten jende gehien. Gaur egun, oraindik ere antolatzen dira festetan bai harriak arrastatzeko asto probak, bai baseliza ondoko zelaietan egiten den marmitako lehiaketa, zeina dagoeneko sustraituta dagoen.


Iturriak: "Ermitas de Bizkaia I-II-III" de Gurutzi Arregi eta "Leioa a través de la historia".

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa