Andra Mari baseliza Ondiz auzoko muinoetako batean kokatuta dago, Erremedioetako Andra Mari izenpean; herritarrek Ondizko Andra Mari deitzen diote. Baselizaren jatorria Erdi Arokoa den arren, oraingo eraikina XVI. mendekoa da; eraikitze estiloa gotikoa da, Errenazimentura bitarteko trantsiziokoa, eta erreformak egin zizkioten XVIII. eta XIX. mendeetan. Han goitik lurralde zabala beha daitekeenez, gerra karlistetan gotorleku bat erantsi zioten hegoaldean (haren aztarnak batzuk han daude oraindik, hala nola adreiluzko gezileihoak).
22,90 x 8,20 metroko oinplano laukizuzena du, bi isurkiko estalkiarekin; iparraldeko arkupearen gainekoa baxuagoa da. Hormak bistako harlangaitzez eginak badira ere, izkina-harriak eta kanpai-horma (kanpai batekoa) harlanduz eratuak dira. Jatorrizko sarrera eraikinaren hegoaldean zegoen: puntadun arkuko atea dago han, hormaren pisuari eusten dioten lau kontrahormek erdi ezkutatuta, eta arku apalduko beste bat (gaur egun itsutuak); leihoetan badira arku zuzenekoak, arku karpaneleko bat eta bi gezileiho. Gaur egungo sarrera nagusia iparraldean dagoen puntu erdiko arkudun atea da, eta leihoak arku karpaneleko bat, gezileiho bat eta arku zorrotzeko bat dira. Itun Berriaren aldean arkupea dago, eta Epistola aldean zegoen antzinakoaren ordez ezarri zuten; erori egin zen. 1979an zaharberritu egin zuten. Barnean, zurezko zorua du, eta, irudi ugarien artean, nabarmentzekoa da Andre Maria eta Haurra irudikatzen dituen Errenazimentu garaiko zurezko tailua.
San Joan Bataiatzailearen parrokiari atxikia izanik, Ondizen meza izaten da igandetan, eta, aldian behin, ezkontzak ospatzeko ere erabiltzen da. Irailaren 8an eta 9an Andra Mari eta Andramaritxu jaiak ospatzen dira, abestutako meza batekin eta herri erromeriarekin; San Joanetako festekin batera, horiek izaten dira jairik ospetsuenak eta gogokoenak. Hasiera batean, ospakizun horretan prozesioan joaten zen jendea San Joan elizatik, banderarekin eta musikarekin, Ondizko baselizara iritsi, eta bertan egiten zen meza nagusia. Ondoren, asto lasterketak, zaku lasterketak eta aurreskulari lehiaketak antolatzen zituzten. Arratsaldean erromeria izaten zen. 1865. urteaz geroztik, hurrengo igandean errepikapeneko meza izaten da, eta beste erromeria bat ere bai; XX. mendearen hasieratik aurreskulari emakumezko eta gizonezkoen lehiaketa izaten da, eta arratsaldean erromeria berriro. Joan den mendeko 30eko urteez geroztik, maiatzaren 15ean San Isidro Nekazaria ospatzen da. Gaur egun, hango jaietan Bizkaiko erara prestatutako bakailao lehiaketa eta gizon nahiz emakumeen Bizkaiko aurresku txapelketa egiten jarraitzen dute.
Iturriak: "Ermitas de Bizkaia I-II-III" de Gurutzi Arregi eta "Leioa a través de la historia".
Informazio gehiago: